Blogia
orain

KIROLAK.Aurten izango da euskal selekzioaren partida, jokalarien borondateari esker

Euskadiko Futbol Federazioarekin akordiorik lortu ez duten arren, jokalariek partida jokatzea erabaki dute. Partidaren eguna euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen eguna bihurtzeko deia egin dute. Nahiz eta izan adostuta, 'Euskal Selekzioa' izenarekin ariko dira.Azkeneko bi urtean ez da Euskal Herriko futbol selekzioaren gabonetako lagunarteko partidarik izan, EAEko Federazioa eta jokalariak ez zeudelako ados oinarrietan, orain ere ez dira akordiora heldu, baina partida azkenean jokatu egingo da. 'Euskal selekzioa' izenpean ariko da taldea.ORAIN-ek jakin duenez, futbolarien borondateari esker jokatuko da lagunarteko partida hori. Atzo Federazioarekin bilera izan zuten, eta berriro nabarmen geratu zen ikuspegi desberdinak dituztela. Izenean ez da ados jartzeko arazorik izango -'Euskal selekzioa'-, baina jokalariek ofizialtasunaren aldeko pauso eraginkorrak emateko eskatzen diete zuzendariei. Horiek jokalariei ez diete konpromiso garbirik erakutsi. "Euskadiko Futbol Federazioak ez du Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren bidean urratsak egiten saiatzeko borondaterik. Partidak etekin ekonomikoa ateratzeko helburu soilarekin antolatu nahi ditu, hori da selekzioaren inguruan duten benetako kezka eta arrazoi nagusia. Guk, euskal futbolariok, Euskal Herriko selekzio ofiziala lortzeko bidean ahalegin pixka bat eskatzen dugu, besterik ez; munduko beste edozein futbol jokalarik bezala zein selekziotan jokatu erabakitzeko eskubidea baino ez", dio jokalarien oharrak.Futbolariei, ordea, iruditu zaie beste urtebete partida ez jokatzea askotxo dela eta aurten, behintzat, ariko dira. Aldarrikapen eguna bihurtzeko dei egin dute. Partidaren aurretik zelaian argazkia aterako dute, Nazio bat leloarekin, eta Euskal Herriko mapa azalduko da. "Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa ordezkatzen dituen selekzioa da gure selekzioa. Ez gara Espainiako selekzio autonomiko bat. Nazio izaera duen selekzioa da gurea eta ofizialtasuna behar dugu, munduaren aurrean gure Herria ere ordezkatua egon dadin".

0 comentarios