Blogia
orain

BEREZIA.Olatu handiak eta,Bermeon,denboraldiko lehen biktima

BEREZIA.Olatu handiak eta,Bermeon,denboraldiko lehen biktima Denboraleak gogor jo du gaur Euskal Herriko kostaldea, kalte material handiak eragin ditu, baina ezbehar handiena Bermeon izan da: gizonezko bat hil da uretara erorita. Eguerdian jausi da, eta arratsaldeko bostak aldera aurkitu dute, Sukarrietako San Antonio hondartza eta Murueta artean. Ertzaintzaren helikopteroak atera du uretatik. 13:30ean hasi dira hura errekatatzeko lanean Itsasoko Gurutze Gorrikoak eta urpekariak. Olatu hormaren gainean zegoela erori da gizonezkoa uretara, Xixili parean.Bermeon bertan olatu hormaren zati bat hautsi du itsasoak eta aisialdiko ontzi bat irauli egin da.Donostian zulo bat egin du Paseo Berrian, eta itxita jarraitzen du. Hantxe, 13. zenbakiko atariko atea hautsi du olatu batek. Aldamar kalera itsasoko ura sartu da baina ez da ezer larririk jazo.Horrez gain, beste kalte batzuk ere sortu ditu Donostian. Tartean, Ondarreta hondartzako pretilean; ura aldameneko lorategietara iritsi daitekeela ohartarazi dute. Kontxan Rotonda dantzalekuan beira bat apurtu da, Nautiko klubeko taula batzuk ere bai eta Zurriolako paseoa urak hartu du. Odon Elorza alkateak eguerdian emango du kalteen berri.Pasaian atzo 20:00etatik aurrera itsasontzirik ez da atera, Portuko Agintaritzak jakinarazi duenez. Pasai Donibane barrutian plazara ur asko sartu da; metro erdiko altuera hartu du.Goizean itxita egon ondoren, Zarautz eta Getaria arteko errepidea ireki egin dute; izan ere, itsasoak oinezko pasabide bat irentsi egin du. 18:00etan izan da berriro itsasgora, eta ordu eta erdi lehenago pasealekua itxi egin dute.Hondarribian Butroi pasealekuko pretilak behera egin du -ia lau metrokoak-, Beleztarren Markesa kale parean. Horretaz gain, Udaltzaingoak espigoiaren sarrera itxi egin du, olatuak bidearen altueratik gorago pasatzen zirelako.Getxon, berriz, kostaldetik ez paseatzeko aholkatu dute, eta Fadura eta Gobela kiroldegiak itxi dituzte. Ereaga hondartzako pasealekuan 70 metrotan kalteak izan dira, Igeretxe hotelaren eta Terraza udal eraikinaren artean. Eraikin horretako sabaialdean beira batzuk hautsi egin dira. Getxo-Aquariumen ere gogor jo du itsasoak.Bilboko portuko itsasontziak itsasadarrean edo itsaso irekian egon behar dutela agindu du Portuko Agintaritzak, eta atzoz geroztik ez dago itsasontzirik portuko industriagunean. Bermeoko arrantza ontzidia dago, denboraletik babesteko hor amarratzeko baimena eskatu ondoren. Nafarroan Abodi eta Larraine mendateek itxita jarraitzen dute, eta Belagoako erreoidean beharrezkoak dira kateak.Meteorologia zentroek adierazi dutenez, kostaldean ehun kilometro orduko haize boladak izango dira euskal gaur. Elurra ere izango da Euskal Herrian: 1.100 metrotik gora. Atzo Nafarroa iparraldean bota zuen, batik bat, elurra.
Bestetik,Kantabriako Gobernuaren Itsasoaren Zaintza Sarearen sistemak Santanderko (Espainia) Virgen del Mar hondartzaren aurrean 13,14 metroko olatuak atzeman ditu gaur goizean. 8:26etan izan dira handienak. Bart gauetik eguerdira arte txikienak 8,66 metrokoak izan dira.(Argazkian:Bermioko Portua)



0 comentarios