Blogia
orain

Tabako tabernan?Ez,eskerrik asko

Tabako tabernan?Ez,eskerrik asko Lakua ez erre esan dio.Lokalak eta kotxez barruan,adibidez.Tabakoaren kea tabernetatik aterako duen haizetea gero eta gertuago dago. Haizete bortitza izango dela iragar daiteke, gainera. Hori nahi du, behintzat, Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Tabako Legea aldatzeko proposamenak. Bi helburu nagusi zehaztu ditu, batez ere. Lehena, toki publiko itxietan tabakoaren debekua erabatekoa izatea: taberna eta jatetxeetan, kasu. Bigarrena, adingabeen osasuna babestea da. Tabakoaren aurkako borrokan lehen haize ufada gogorra 2005. urtean heldu zen Espainiatik. Bertako Tabakoaren Aurkako Legeak lantokietan erretzea debekatu zuen, eta lehen arauak ezarri zizkien taberna eta jatetxeei. Baina azken horienganako arauak lausoegiak izan ziren, eta ez zuten eraginik izan Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen lege aldaketak hori zuzendu nahi du, eta debekua zorrotz ezarri. Toki publiko itxi guztiek bete beharko dute legea, tabernek eta jatetxeek barne; baita kalean egon arren eremuaren erdia baino gehiago estalita duten tokiek ere. «Herritar guztien osasunaren alde emandako pausoa da. Hartuko den erabakian uste osoa dugu», nabarmendu zuen Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak atzo, proposamenaren aurkezpenean. Aldaketaren mamiarekin bat datoz tabernari asko. Tabernari eta zerbitzarien osasunarentzat onuragarria izango dela uste dute, lanean ematen duten denbora guztian ez dutelako kea arnastuko. «Argi dago tabakoa dela tabernariok dugun lan arrisku nagusia», gogorarazi du Carlos Sobronek, Gasteizko Aiztogile kaleko 7 tabernako arduradunak. Ordea, aldaketa egiteko moduak zalantza asko sorrarazten dizkiola aitortu du. Adingabeen babesa lehenetsi nahi du Jaurlaritzak ere lege aldaketaren bitartez. Ezin izango da erre adingabeentzako guneetan, parkeetako jolastokietan, adibidez; ezta horiei zuzendutako ikuskizunetan ere. Are gehiago, ibilgailu pribatu batean adingabe bat badago, ibilgailu barruan erretzea debekatzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak, eta isun arin moduan zigortuko litzateke. Zabaleta sailburuaren arabera, lege aldaketaren helburua ez da zigortzea, baizik eta herritarrak heztea. Baina bi alde horien arteko oreka ondo zehaztu beharko du Jaurlaritzak, haizeteak kalterik eragin ez dezan.
GOGORATU
Indarrean jartzeko eguna. 2011ko hasieran.
Legearen jarraipena ikuskatzeko ardura. Ertzaintza eta Udaltzaingoa.
Zigor arinak. Debekatuta dagoen tokietan erretzea, debeku kartelak ez jartzea...
Zigor larriak. Saltzeko makinei dagokien arautegia urratzea, adingabeei saltzea...
Zigor oso larriak. Tabakoaren publizitatea eta kontsumoa sustatzea.

0 comentarios