Facebook Twitter Google +1     Admin

Bost mila sinadura ETB Iparraldean ikustearen alde eta EITBk Baionan egitura iraunkorra eduki behar duela iritzi diote.

20100408010043-36416-eitb-logo-dest-2.jpgLapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan EITB euskal irrati-telebista publikoaren zerbitzua bermatzearen alde ia bost mila sinadura bildu ditu Goazen aitzina taldeak hilabetean, gaur jakinarazi duenez. Horretarako, EITBk Baionan egitura iraunkorra izan behar duela iritzi diote eta hori zalantzan dagoela, egoitzaren kudeaketa zeraman enpresari bukatu egin zaiolako kontratua. Uste dute hedabideko gaurko arduradunak "inprobisazioz" jokatzen ari direla.Arloei eta ideologiei so eginez, sostenguak askotarikoak direla azpimarratu dute. Hemen atxikimendu batzuk.Euskararen Erakunde Publikoko zuzendariari eta Alberto Surio EITBkoari bilera eskatu diete.
Eusko Jaurlaritzan izandako aldaketak EITBk Ipar Euskal Herrian duen egituran eragin du. Egitura horren iraunkortasuna arriskuan ikusi dute euskaldun anitzek, Ramon Etxezarreta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Ipar Euskal Herriaren erreferentzialtasuna atxiki eta lan talde iraunkorra bermatuko zutela zin egin arren. Funtsean egiturazko arazoak gelditu dira agerian. Comedia enpresak alokatzen du EITBk Baionan duen egoitza. Enpresa hori arduratzen da teknika atalaz. Martxoaren 31 arte indarrean dagoen hitzarmen baten bidez, EITBri saltzen dio ekoizpena, eta, horien artean, Iparraldearen Orena. Kazetariak Euskal Media enpresak kudeatzen ditu. Zazpi langile zituen eta orain bost. Batek utzi zuen, eta bertze batek EITBko bertze sail batean egiten du lan gaur egun. Bertze alde batetik, hiru kamerari ari dira lanean Comediarentzat. Antolaketa horrek argi erakusten du ez dela kontratazio zuzenaren politika hobetsi eta bere taldea zuzenean kudeatzearen ordez, EITBk nahiago izan duela azpikontratazioa garatzea.
Aldaketa politikoaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak lan taldea osatzeko deialdi publikoa egin nahi du, eta apirilaren 1etik aitzina lanean egon beharko litzateke. Deialdi publikoa egiteko epea laburregia dela nabarmendu dute Ipar Euskal Herriko eragile anitzek. Bat-batekotasunean oinarritutako konponbidea hobetsiko dela dute kezka.ETBk Baionan hartu zuen lehen langilea Allande Boutin izan zen 1988. urtean. Lehenago Philippe Etxeberrik hartzen zituen irudiak eta Donostiatik bidaltzen zuten esataria. «Bi urtez aritu nintzen etxean lanean; telefonoa eta helbidea nire etxekoak ziren», gogorarazi du Boutinek. Gero Radio France Pays Basquek bulego bat utzi zion nahasketak egin eta editatzeko. Ondoren Comedia taldeak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena egin zuten eta 1992an sortu zen Iparraldearen Orena. Saio horren ibilbidea ez da laua izan orain artean eta aldaketak izan ditu. Luzaroan ETB1eko albisteen sailari lotua eman ondoren, arratsaldeko seietara pasatu zuten ondoren, berri sail baterako tenorerik egokiena ez izan arren. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin telebista euskara hutsez ikusi nahi zuten biztanleek legearen traba ere atzeman dute usu. Publikoa izan arren Euskal Telebista bertze estatu bateko telebista da Frantziarentzat. ETB1 ikusi ahal izateko hedagailuak ezarri behar ziren aurrena. Ezina zirrikitu bihurtu zuen Michel Intxauspe Frantziako diputatu (RPR) eta Donibane Garaziko auzapezak, ordea. 1992an hedagailu bat ezarri zuen Jarra mendian. «Ez nuke erranen ilegala dela baina usu diogu alegala dela; doi bat legearen saihetsean, denak jakinean ginen Prefeta barne», dio Vincent Bru Euskal Kulturaren aldeko Herriarteko sindikatuko presidente ohiak. Aurrerago akordio bat izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzarekin. Geroztik 14 hedagailu ordaindu ditu sindikatuak eta 16 Eusko Jaurlaritzak. 2009a arte, sindikatuak 70.000 euro xahutzen zituen urtero hedagailuak mantentzeko. Euskararen Erakunde Publikoak beregain hartu du eginkizun hori eta hala ere itzalguneak daude oraindik. Telebista numerikoaren atarian, Frantziak eta Espainiak itun bat egin beharko dute Ipar Euskal Herrian ETB1 ikusteko. Bertze arazo bat dago orain. Iparraldeko Orena-ren atxikitzeko eskatu du Max Brisson EEPko buruak. Ipar Euskal Herriak ez du euskarazko telebistarik eta Jaurlaritzari eskatzen dio saioa mantentzeko, hizkuntza politika gogoan. Alta, ez du parte hartzen ez ordainketan, ez erabakian.
08/04/2010 01:00. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario

orain



Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris