Blogia
orain

Fiskalak guardia zibilei ere ez die ezer galdetu, eta horiek ez dute frogarik aurkeztu

Guardia Zibilaren txanda izan da gaur Egunkaria-ren kontrako epaiketan. Hark itxi zuen euskarazko kazeta, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta; Guardia Zibilak prestatutako txostenean oinarritu zen, ordea, eta gaur horretaz aritu dira hango poliziak. Egunkaria-k ETArekin lotura izan zuela berretsi dute, baina ez dute frogarik aurkeztu.Epaileari kazetaren itxiera eskatu ziona izan da haietako bat. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagari hark hartu zien, gainera, deklarazioa, laurak inkomunikatuta zituztela.Laburra izan da saioa. Lau guardia zibil zeuden deituta deklaratzeko, lekuko moduan, haietako aurrena ez da azaldu -urtarrilean agertuko dela esan dute-, eta beste hiruren deklarazioa bi ordukoa izan da denera -10:26an hasi da saioa eta 12:20an bukatu-.Poliziek frogarik ez aurkezteaz gain, atzoko gauza bera gertatu da: Miguel Angel Carballo fiskalak ez du itaunik egin gaur, guardia zibilei batere ez galdetzea erabaki du, eta hala jakinarazi dio epaimahaiari. Iñigo Iruin defentsa abokatuak Egunkaria ixteko ea berak agindu zuen galdetu dio guardia zibil bati, eta honek erantzun dio ez dela oroitzen. "Ez dut gogoratzen nik eska dezakedan egunkari bat ixteko baina, txostenean horrela jasota badugu eta egin dudala jartzen badu, ba eskatu nuen Egunkaria ixteko", ihardetsi du guardia zibilak. Antzeko adierazpenak egin dituzte beste biek. Azkena minutu batzuez baizik ez da egon horretan.
GUARDIA ZIBILAREN DEKLARAZIOAK
10:26an hasi da gaurko saioa, eta akusazioak jakinarazi du lekuko gisa deklaratzekoa zen lehen guardia zibilak ezin izan duela azaldu -urtarrilean azalduko dela esan dute-. 12:20an amaitu da saioa.

LEHEN GUARDIA ZIBILA

Bigarren lekukoa 10:34an hasi da deklaratzen eta 11:49an amaitu du. Hain zuzen, Egunkaria itxi ondoren, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga inkomunikatuta atxilotuta zeudenean haiei deklarazioa hartu ziena da; Martxelo Otamendiri ez zion hark hartu deklarazioa baina, instruktorea izanik, deklarazioen berri ematen ziotela azaldu du. Peritu gisara ere deklaratuko du urtarrilean. AVT herri akusazioaren abokatuak ez dio galderarik egin lekukoari, fiskalak ere ez.Torrealdai torturatu izanagatik inputatu zuten galdetu dio Dignidad y Justiciaren abokatuak. "Salaketaren batean bai egon naizela inputatuta, baina ez dakit seguru honetan egon naizen". Uria torturatzeagatik inputatuta egon zela adierazi du baina auzi hori artxibatuta dagoela. Oleagaren tortura salaketengatik ere inputatuta egon zen lekukoa. "Uste dut artxibatuta izan dela salaketa, ez baitut beste berririk izan", adierazi du.Egunkaria-ren aurkako polizia operazioan instruktore gisa aritutako guardia zibila izanik, 2003ko otsailaren 17an Egunkaria ixteko eskatu al zuen galdetu dio Iñigo Iruin defentsa abokatuak. "Ez dut gogoratzen nik eska dezakedan egunkari bat ixteko baina, txostenean horrela jasota badugu eta egin dudala jartzen badu, ba eskatu nuen egunkaria ixteko".ETArekin harremana zuten enpresa taldea, euskalgintzarekin "lotura" zuten dozenaka enpresa eta Euskalgintza Elkarlanean "sakon" ikertu zituela esan du guardia zibilak. Ikertu zituen guztiak euskal kulturgintzan aritzen ziren enpresak ziren galdetuta, "batzuk bai", erantzun du. "Agian, bada baten bat ondareekin harreman gehiago duena".Egunkaria-k ETArekin lotura izan zuela berretsi du, baina frogarik aurkeztu gabe.

BIGARREN GUARDIA ZIBILA

12:03etan hasi eta 12:13an amaitu du deklaratzen. Atxilotuen deklarazio hartzeetan idazkari gisa aritu zen guardia zibila da.Oleagak kordea galdu zuenik inork ez ziola esan azaldu du lekukoak, eta berak ez zuela horren berririk. Ofiziozko abokatuak batzuetan atxilotuen atzean jartzen direla aitortu du guardia zibilak; hau da, atxilotuek ezin izaten zutela aurrez aurre ofiziozko abokatua ikusi. Hori "terrorismo kasuetan normala" izaten dela esan du guardia zibilak. "Agian, abokatuaren beraren segurtasunagatik izango da".
Uria ea herrenka ikusi zuen galdetuta, "inzidentzia" bat egon zela adierazi du. "[Uriak] Estropezu-edo egin zuen eta zerbait zuen", erantzun du.

HIRUGARREN GUARDIA ZIBILA

Hiru minutuko deklarazioa izan da. Egunkaria-ren Iruñeko egoitzaren miaketan parte hartu zuela aitortu du, baina atxiloketetako galdeketetan ez zela izan. Herri akusazioek eta defentsak ez diote galderarik egin.

0 comentarios