Blogia
orain

TROMSO 1-ATHLETIC 1.UEFARA BAI,BAINA NOLA?


Udako egunak luzeak dira Tromson. Artikotik gertu dago, eta bart hamaikak aldera gautu zuen. Egun luze eta zozoak izaten dira, eguzkiak ere ez duelako indarrik. Berorik ez, soilik argia. Aspergarriak eta bukaezinak, eta lo hartzea zailtzen dute. Halako eguna eduki zuten atzo Athleticeko jokalariek, eta antzeko partida. Zozoa izan zen, erritmo gutxikoa, eta zuri-gorriei bukaezina egin zitzaien. Gorriak ikusi zituzten, eta meritu gutxirekin pasa dira Europa Ligara. Joaneko partidako azken hamabost minutuak kenduta, Tromso gehiago izan da, eta atzo etxekoek aukera gehiago eta hobeak izan zituzten. Ez zuten asmatu, baina, eta Athleticek altxorra jaso zuen. Merezi gabekoa, baina altxorra, Europa Ligako multzoko faseak lau milioi euro sar baititzake Ibaiganeko diru kutxan. Artikoko egunak argia du sobera, eta atzoko emaitzak argi izpiak sartuko ditu San Mamesen. Argia, ilusioa... Europako partidak jokatzeko aukera. Baina ez gehiago, ez behintzat berotasunik, Athleticek oso itxura txarra eman zuelako, berriz. Liga etzi hasiko da, eta aurretik jokaturiko sei partida ofizialetan jaso ditu golak. Bartzelonak sartzea normala da, baina ez hainbeste Young Boysek eta Tromsok, hala etxetik kanpo nola San Mamesen. Caparrosek esana zuen garrantzitsuena emaitza zela, eta bere jarrera defendatu zuen partidaren ondoren ere. Ez zaio arrazoirik falta, gaurko zozketan egotea lorpen handia da, eta arlo ekonomiko eta sozialean asko lagunduko dio taldeari. Baina dena ez da onargarria, eta, Athletic denboraldi-aurrean dagoen arren, ezin da horrelako alderik egon Tromso bezalako talde batekin.
«Misioa aurrera egitea zen», Fernando Garcia Makuak esan zuen. Partidari buruz iritzia eman zuen Athleticeko kide orok modu sotilean disimulatu zuen taldek emaniko itxura eskasa. Zuri-gorriek emaitzari eustea aski zuten -atariko kanporaketako joaneko partidan 3-2 irabazi zuten-, eta atzo ez zuten gola sartzeko aukera on bakar bat ere izan. Gola penaltiz lortu zuen, opari inuzente bati esker. Tromsok, berriz, aukera garbiak huts egin zituen, eta kontrarioek aurrelari on bat izan balute, Athleticek burumakur hartuko zuen Bilborako hegaldia. Tromso liga bukatzear dago, eta Athletic baino sasoi hobean dagoela garbi ikusi zen. Etxekoak, gainera, askoz hobeto egokitu ziren zelai erraldoi eta gogorrera. Gogo eta zentzu handiagoz jokatu zuten; Athleticek, berriz, ez zuen inoiz bere jokoa inposatu. Egia da etxekoei zegokiela jokoaren ekimena, eta ondo hartu zuten erantzukizun hori. Zuri-gorriak, ordea, ez ziren kontraerasoan jokatzeko gai izan. Asko falta zaio taldeari ligari beharrezko bermearekin ekiteko, eta igandetik aurrerakoak ez dira Norvegiako edo Suitzako ligako aurkariak izango. Tromsok hasi eta berehala eman zion lehen sustoa Athletici. Moldskerdek erdiko atzelariak atzean utzi eta baloia kontrolatu zuen area barnean. Ezkerrez jo, eta gehiegi gurutzatu zuen (7. min). Partida osoan ez Ociok ezta Amorebietak ere ez zuten segurtasun itxurarik eman. Erritmoa jaistea komeni zitzaion Athletici, eta ia lehen zati osoa lokartu zuen. Bilbotarren aukera bakarrak areaz kanpoko jaurtiketak izan ziren. Tromsok zuen baloia, gehienetan antzu, baina ez beti, eta 46. minutuan gola sartzeko beste aukera bat izan zuen. Eskuinetik Molskerdek erdiratu, eta Lindparek, orpoz eta ate aurrean, kanpora bidali zuen baloia. Bigarren zatia antzera hasi zen, baina Athleticek goiz jaso zuen oparia. Tromsoren atzelari batek eskuarekin moztu zuen De Marcosen jaurtiketa. Ez zen jaurtiketa arriskutsua, baina besoa luzatu zuen. Penaltia Javi Martinezek sartu zuen (56. min.). Lasaitasunak, baina, gutxi iraun zuen, bost minutu geroago Rushfeldt beteranoak burukada loratu bati esker berdindu zuelako partida (61. min). Ociorekin batera egin zuen jauzi, eta eroso errematatu zuen. Gasteizko atzelariak oso urrun du bere sasoirik onena. Azken ordu erdia kalbarioa izan zen Athleticentzat. Egun bukaezina. Tromsok gora egin zuen, eta Rushfeldtek eta Reginiussenek aukera on bana izan zuten. Tankera ezberdineko jokaldietan, biek buruz bakarrik errematatzeko aukera izan zuten penalti puntutik. Zortea alde izan zuen Bilboko taldeak. Azken minutuetan partida erotu egin zen, eta Tromso itsuan hasi zen. Eromenean, epaileak etxekoen atezaina egotzi zuen (93 min.): aldaketa batean Yeste aldageletara astiro zihoala, atezainak bultza egin zion bizkorrago joan zedin esateko.






0 comentarios