Blogia
orain

Batasunaren legez kanporatzea ontzat jo du Estrasburgok

Batasunaren legez kanporatzea ontzat jo du Estrasburgok Bortitxetak,hiltzaileak,atzerritarrak,etab,eskubideak daukazue,baina ezker abertzalea ez.Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Herri Batasunaren, Batasunaren, AuBren, 218 herri plataformen eta Herritarren Zerrendaren auziak ebatzi ditu. Bosgarren aretoko zazpi epaileek aho batez erabaki dute bi alderdien eta hauteskunde plataformen legez kanporatzeak zilegi izan zirela. Espainiako Alderdien Legea babestu du horrenbestez. Gai honen inguruko lehen ebazpenak dira, baina ondotik bertze batzuk etortzekoak dira. «Gizarte demokratikoarentzat beharrezkotzat» jo ditu legez kanporatzeak, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 10. 11.eta 13. artikuluen kontra doazela onartu arren, hau da, elkartzeko eskubidearen, adierazpen askatasunaren eta helegite eskubidearen kontra. Ezohiko moduan izan zen Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiaren berri. Atzo goizean Espainiako Gobernuak berri agentziei jakinarazi zien, baina oraindik ez zen auzitegiaren webgunean ageri gaineratiko auzietan ohi den bezala. Normalean, aurreratzen du noiz kaleratuko dituen ebazpenak, baina kasu honetan bat-batean kaleratu zituen, 14:00 aldera, Espainiako Gobernuak berria zabaldu eta gero. Normalean, Estrasburgoko Auzitegiak astean bitan plazaratzen ditu ebazpenak, asteartetan eta ostegunetan, 10:00etan. Herri Batasunak eta Batasunak 2004ko uztailaren 19an jo zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegira. Helegitea jarri zuten aitzineko urtean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak haien legez kanporatzeko hartu zuen erabakiaren aurka. Hiru urte eta erdi beranduago Estrasburgoko Auzitegiak tramiterako onartu zuen. Hortik gutxira ganbera txikiak auzia ganbera handira pasatzeko eskatu zuen garrantzi handiko epaiketa zelakoan. Bere garaian, Jean Paul Costa auzitegiko presidenteak berak onartu zuen auzi «korapilotsua» zela. Auziari hainbeste garrantzia ematea ez zen denen gustuko izan, eta Espainiako Gobernua aurka agertu zen. Defentsa, berriz, alde. Hasieran auzitegiak berak egindako eskaera izan bazen ere, azkenean Espainiako Gobernuaren alde egin zuen eta auzia ganbera txikian utzi. AuBk eta Herritarren zerrendak 2003ko azaroaren 6an eta 2004ko azaroaren 26an jarri zituzten helegiteak hurrenez hurren Estrasburgoko Auzitegian. Hauek ere adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubidea urratu izana leporatu zioten Espainiako Erresumari. 2003ko Foru eta Udal hauteskundeetan AuBren hautagaitzak baliogabetu zituen eta 2004ko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan Herritarren Zerrendarena.

1. HB eta Batasuna

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak elkartzeko eskubidea eta adierazpen askatasunaren balizko urraketak era berean aztertu ditu Herri Batasuna eta Batasunaren auzian. Onartu du alderdi politiko baten legez kanporatze batek eskubide horietan «ondorioak» izan ditzakeela. Baina horiek onargarriak direla dio «estatuaren legean aurreikusita» badaude eta «gizarte demokratikoarentzat beharrezkoak» badira.
Honako kasuan Espainiako Alderdien Legea egokia iruditzen zaio Estrasburgoko auzitegiari, eta beraz estatuaren «legean aurreikusita» dagoela dio. Akusazioak argudiatu zuen Alderdien Legea ez zela nahiko zehatza. Zer dagoen debekatuta ez duela argi uzten kexatu zen. Ganbera txikiko epaileek, ordea, zalantzarako tarterik ez dagoela uste dute. «Alderdien Legea zehaztasun guztiekin idatzita dago norberaren jarrera egokitu ahal izateko». Gisa berean akusazioak argudiatu zuen Alderdien Legeak atzera eragina zuela, Ad hoc egindako legea zela, eta Espainiako Konstituzioari leiala izatea behartzen zuela. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du horrelakorik ikusi eta zehaztasunetan sartu gabe bere ebazpenean berriro bat egin du Espainiako Gobernuaren defentsarekin. Europako hitzarmenaren arabera, atzera eragin ezak soilik zigor prozesuetan balio duela erantzun die HB eta Batasunari. Gisa berean ohartarazi du «independentistak edo nazionalistak diren hainbat alderdi badaudela Espainiako Estatuan». Ez du ikusten aukera politiko baten deuseztatzeko saiakerarik akusazioak aurreratu zuen bezala.
Baina ez da Herri Batasuna eta Batasunaren legez kanporatzeak berresteko erabili duen argudio nagusia. Estrasburgoko Auzitegiak bere egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eta Auzitegi Gorenaren «gizartearen behar larriaren printzipioa». Haren ustez, Espainiako Justiziak «arrazoizko ondorioak» atera ditu «elementuak zehaztasun osoz» aztertu eta gero. Bere iritzia bermatzeko honako adibide hauek ematen ditu ebazpenean: «Borroka da bide bakarra», «Zuek faxistak, zarete terroristak» eta «Gora ETA militarra» leloak aditu izana 2002an Batasunak Donostian deitutako manifestazio batean. Deigarria iruditu zaio ere Batasuneko ordezkari batek honako hau erran izana: «ETA ez da borroka armatu bat egiten ari kapritxoz, baina estatuaren aurka tresna guztiak erabiltzeko beharra ikusten duen erakunde bat». Gisa berean ETA eta Batasunaren arteko lotura egiteko baliotzat jo du Batasuna udalean zegoen udal batzuetan etakide batzuk herriko seme kuttun izendatu izana edo Batasunaren web orrian Amnistiaren Aldeko Batzordearen logotipoa ikusi izana. ETAren atentatuak ez gaitzesteaz gain elementu horiek guztiak nahiko dira Estrasburgoko auzitegiaren arabera ondorioztatzeko erakunde armatua eta alderdi politikoen arteko lotura. «Auzitegi Gorenak emandako elementuekin ondorioztatzen ahal zen akusatzaileek ETAren estrategia terroristaren barne zirela. Dena dela, bakarrik ETAren atentatuak ez gaitzestearekin bi alderdiak legez kanporatzeko elementu nahiko liratekeela dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. «Legez kanporatzea soilik ez kondenatzean oinarritua izan balitz ere ez litzateke Hitzarmenaren aurka izanen». Kasu horietan badaezapadako neurriak hartzearen alde agertu da Estrasburgoko auzitegiak.

2. AuB eta herri taldeak

Adierazpen askatasunaz eta elkartzeko eskubideaz gain, AuB eta 218 herri taldek lehen protokoloaren 3. artikulua urratu izana leporatu zioten Espainiako Erresumari. Hau da adierazpen askatasuna bermatzen duten hauteskundeak antolatzeko konpromisoa. Auzitegi Gorenak legez kanporatu zituenean, neutraltasuna eta ziurtasun legalak ez zituela errespetatu argudiatu zuen Estrasburgoko Auzitegian. Haien ustez, ez zuen astirik izan haien programa aztertzeko eta haien jarduera ikertzeko aurkeztu eta bost egunera legez kanporatu zituelako. Azpimarratu zuen aurreiritzietan oinarritu zela erranez Herri Batasuna eta Batasuneko jendeaz «kutsatua» zegoela, eta horrenbestez ondorioztatuz bi horien jarraipena zela.
Kasu horretan ere Giza eskubideen Auzitegiak guztiz bat egin du Espainiako Auzitegiek hartutako erabakiarekin. AuB eta 218 herri plataformak Herri Batasuna eta Batasunaren jarraipena direla. Horren froga eman ditu egitura eta antolakuntzan zituzten «berdintasun apurrak», kide berak bietan aurkitzea eta «plataformak indarkeria edota terrorismoari emandako babesa». Azken argudioa nondik atera duen ez du zehaztu ebazpenean. «Haren iritzia bermatu du, aldiz, etakide baten etxean aurkitutako ustezko dokumentu batean. Auzitegiaren erranetan, horiek zioten zer egin behar zen Batasuna legez kanporatua izaten zen kasuan. Froga horren inguruan ez du zehaztasunik eman ebazpenean, ez izen abizenik, ez datarik ezta erreferentziarik ere. 10. eta 11. artikuluaren urraketari buruz, ganbera txikiak ebatzi du ez zuela azterketa berezirik merezi kontuan hartuz lehen protokoloaren 3. artikuluari buruz adierazi zuena.

3. Herritarren Zerrenda

Herritarren Zerrendaren auzian Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du lan handirik hartu. Espainiako Erresumaren aurka AuBk eta herri plataformak egindako akusazio berak zirenez, ebazpenean aurreko kasuari begiratzea eskatzen du. Horrenbestez kasu honetan ere Espainiako Auzitegi Gorenari eta Konstituzionalari arrazoia eman die ebatziz lehen protokoloa ez zuela urratu Espainiako Justiziak ezta adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubidea ere.

4.Zain dauden kasuak
Aukera Guztiak. 2005eko irailaren 5ean jarri zuen salaketa, 2005eko Eusko Legebiltzarrerako bozetan haren zerrendak baliogabetuta Espainiako Estatuak adierazpen askatasuna urratu zuelakoan.

EAE-ANV. Salaketa jarri zuen 2008ko urtarrilaren 2an, bere ustez Gorenak adierazpen askatasuna eta helegite eraginkorrerako eskubideak urratu zituelako azken udal bozetan 133 zerrenda baliogabetuta.

Arnaldo Otegi. 2007ko urtarrilaren 5ean salaketa jarri zuen. Adierazpen askatasuna ez zuela kontuan hartu leporatu zion Gorenari, Espainiako erregea iraintzeagatik zigortuta. Abertzale Sozialisteko legebiltzarkide izateagatik diskriminatua izatea ere egotzi zion.

Unai Romano. 2008ko urtarrilaren 27an Estrasburgoko auzitegira jo zuen bere tortura salaketa ez ikertzeaagatik.

Martxelo Otamendi. Salaketa 2008ko irailean jarri zuen, tortura salaketa ez ikertzeagatik.

ESPAINAKO SOZIALISTAREN EUSKO JAURLARITZARI,ADOS
Duela bi hilabete PSE-EEk Eusko Jaurlaritza eskuratu zuen arteko Jaurlaritza guztiak Alderdien Legearen kontra egon dira. Jaurlaritza haiek helegiteak jarri zituzten Espainiako Konstituzionalean eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian. Patxi Lopezen Jaurlaritza, berriz erabakiarekin «pozik» dago.

*EHBairen alde eginen du Batasunak*
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Hego Euskal Herrian Batasunaren legez kanporatzea berretsi bitartean, Ipar Euskal Herrian normaltasun osoz jarraitzen du alderdi horrek. Prentsa agerraldia egin zuten atzo, indar abertzale eta progresistak biltzeko xederik eraginkorrena EHBai dela berretsiz. Abertzale eta progresisten zatiketen gainetik, 2010eko eskualdeko hauteskundeetan eta 2011ko kantonaletan EHBai xedea bultzatu behar dela uste du Batasunak, indarrak metatzeko helburuz. Batasuna Hegoaldeko lau lurraldetan legez kanpo egotea eta Iparraldeko hirutan legezko izatea ez da gauza berria. Auzitegi Gorenak alderdia legez kanpo utzi zuenetik dago egoera hori.
ELKARRIZKETA

Didier Rouget.

Abokatua

«Segurtasunari askatasunei baino garrantzi handiagoa eman diote»

X. Harriague/Berria egunkariko
Ebazpenaren berri jakin eta denbora gutxira erantzun die BERRIA-ren galderei Didier Rougetek. Bera da besteak beste Batasuna eta Herri Batasunaren abokatua Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Onartzen du erabakia berri txarra izan dela defentsarentzat baina alde onak ere ikusten ditu eta Ganbera Handian helegitea jartzea ez du baztertzen. Horretarako hiru hilabete izanen dituzte. Lasai hartu nahi du eta defentsa ahal bezain ongi prestatu.

Espero al zenuen Auzitegiak hartu duen erabakia?

Ez, ez duzu inoiz espero kontrako erabakirik, baina harritu ere ez nau harritu egia esan. Estrasburgoko Auzitegiak garrantzi handiagoa eman dio segurtasunari askatasunei baino. Eta auzi honetan hori gertatu da. «Gizartearen behar larriaren argudioarekin» oinarrizko eskubideak urratzen dituzte.

Eskubideen gainetik segurtasuna jartzea maiz gertatzen al da Estrasburgoko Auzitegi horretan?

Ez. Baina ebazpen horrek irizpide aldaketa bat erakusten du. Azken aldi hauetan gero eta maizago gertatzen da. Duela ez hain aspaldi gauza bera egin dute Turkian. Europako mendebaldeko demokrazia modeloa lehenesten dute eta horrenbestez segurtasuna. Gainera kasu honetan azpimarratzekoa da Ganbera Txikiak Ganbera Handian epaitzea eskatu zuela, haren ustez garrantzi handiko epaiketa zelako. Defentsa alde agertu zen baina Espainiako Gobernua kontra. Ganbera beraren eskaera izan arren, azkenean berak epaitu behar izan du, eta hori ez da batere ohikoa. Badut uste presioak izan direla horren atzean.

Ze iritzi duzu Batasuna eta ETA lotzeko Auzitegiak ematen dituen argudioen inguruan?

Argi dago Europako Giza eskubideen Auzitegiak bere egin duela [Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar] Garzonen teoria. Hau da ezker abertzalearen inguruan dagoen guztia ETA dela dioen teoria. Testuinguru politikotik aldentzea ez du lortu.

Zein ondorio ateratzen duzu?

Dena ez da ezkorra. Ikuspegi zabalago batetik begiratu behar da, eta orduan konturatzen zara urte guzti hauetan egin den lan judizialak zerbait ekarri duela. Alderdien Legea indarrean jarri zenetik Auzitegi Gorenak nahi bezala legez kanporatzen zituen alderdi politikoak edo hauteskunde plataformak, izan Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeetan, Foru bozetan edo udalekoetan. Auzitegi Konstituzionalak bere erabakiak berresten zituen beti. Baina azkeneko hauteskundeetan, Europakoetan jarrera aldaketa bat izan da Konstituzionalean, eta Iniziatiba Internazionalista koalizioak parte hartu ahal izan du bozetan. Hori ez da kasualitatea baizik eta urte hauetan egin den lanaren emaitza da.

0 comentarios