Blogia
orain

ORAIN KOLABORAZIOA:"JO NO SÓC CATALÀ"

INAKI SOTO (GAUR 8-TIK)
Artikuluaren izenburua Victor Alexandre kazetari katalanaren “Jo no sóc espanyol” liburuaren parafrasia da (gaztelaniazko edizioa “Yo no soy español”, Deria, Bartzelona, 2003). Elkarrizketa-liburu benetan gogoangarria da. Bertan, Alexandrek Kataluniako eliteko 20 pertsonaiari egindako elkarrizketak bildu ditu, Salvador Cardus soziologotik hasi eta Lluis Llach abeslariraino, Enric Masip eskubaloi jokalaria edo Joel Joan aktorea tartean direla, besteak beste. Guztiek azaltzen dute, bakoitza bere esparrutik abiatuta, zergatik ez diren espainiar sentitzen eta kataluniar izatea nola ulertzen duten. Bide batez, espainiarrek katalanak nola ikusten dituzten aztertzen dute, eta orokorrean beraiekiko duten errespetu falta nabarmentzen dute.
Hala ere, artikulu honen gaia ez da liburua, baizik eta Katalunia eta Euskal Herriaren artean ematen diren harremanak. Hobe esanda, kataluniar eta euskal abertzaleen artean dauden miresmen-mespretxu sentipenak aipatu nahi ditut, gainetik bada ere. Gogoetarako aitzakia, testuingurua nahiago bada, hauteskunde europarrak izan dira. Hauteskundeen emaitzak ikusita, liburu hura irakurtzean izan nuen sentsazio bera izan baitut: ni ez naiz katalana. Eta, bide batez, katalanak ez dira euskaldunak. Nik neuk, ez diet baieztapen hauei arazorik ikusten. Areago, logikoa, normala eta positiboa iruditzen zait. Areago oraindik, kontrakoa pentsatzea akats politikoa dela esaten ausartuko nintzateke.
Bai han eta bai hemen hainbat abertzalek egiten duten diskurtsoa entzunda, zenbaitzuk iritzi honekin bat ez datozela ondoriozta daiteke. Printzipioz, beste herrialde batzuetako ohiturak edo joerak inbidiaz ikustea gauza naturala da, gure herrian honelako neurri edo jokabideek ze aurrerapen ekarriko luketen aztertzen hasten bagara. Unamunok esaten zuenaren aurka, bidaiatuta nazionalismoa fintzen, hobetzen, garatzen da. Katalanen eta euskaldunen kasuan, ordea, Estatu berberak menperatzen gaituen neurrian, batzuetan inbidia hau tokiz kanpo dagoela uste dut, estrategia politikorako translazio zuzena egin nahi bada. Honela bizi dute harreman hau askok eta askok: euskaldun batzuk katalan izan nahi balute bezala mintzo dira, eta zenbait katalanek espainiar zinemagileen ETAri buruzko pelikuletan agertzen diren 80ko hamarkadako ordiziarrak balira bezala jokatzen dute. Azken hauteskundeek erakutsi dute batzuk eta besteak oker dabiltzala.
Izan ere, Katalunia eta Euskal Herria bi herri desberdin ez ezik, bi gizarte zeharo desberdin direla uste dut. Ondorioz, gure agenda politikoak ere oso desberdinak dira. Eta gizarteak boza emateko toki batean eta bestean dituen arrazoiak zeharo desberdinak dira. Hauteskundeekin jarraituz, II-HEk Katalunian izan duen erantzun on baina mugatuaren atzean agenda hau behar bezala ez kokatzea egon daitekeela uste dut. Errespetu osoz esaten dut, kanpainaren baldintzak kontuan hartu behar baitira. Baina, adibidez, ERC-ekin haserre zeudenek zergatik bozkatu duten zurian edo abstenitu diren aztertu beharra dagoela uste dut. Azterketak sakonagoa beharko luke, baina kanpotik begiratuta mezua euskaldun sentitzen diren katalanei zuzendu zaiela esango nuke. Aipatutako elite katalanak, adibidez, ez zeuden mezu honen hartzaile potentzialen artean. Jokabide hau, nolanahi ere, une honetakoa baino, estrukturala da. Konponbidea ere epe erdira bilatu behar da.
Honekin lotuta eta amaitzeko, herri guztiek beren tara etiko-politikoak dituztela ere aipatu nahi dut. Asko laburbilduz, katalanak zeharo utilitaristak direla esango nuke, soilik ondorio zuzenei begira hartzen dituzte erabakiak. Edo ondorioei begira zenbait erabaki hartzea ekiditen dute. Euskaldunak ordea, erabat printzipialistak gara. Guretzat, orokorrean, gauzak ondo edo gaizki daude, eta nekez ulertzen ditugu –edo maneiatzen ditugu politikan– «hobeto» edo «okerrago» terminoak. Hau esanda, agian izenburu gisa «Jo no sóc basc» egokiagoa zen…

0 comentarios