Blogia
orain

EUSKO JAURLARITZAKO LEHENDAKARIA HAUTATZEKO INBESTIDURA SAIOA:Lopez aukeratu dute lehendakari eta Ibarretxek politika

EUSKO JAURLARITZAKO LEHENDAKARIA HAUTATZEKO INBESTIDURA SAIOA:Lopez aukeratu dute lehendakari eta Ibarretxek politika PSE-EEko idazkari nagusiak 39 boto jaso ditu, EAJko kideak 35. EB abstenitu egin da. Lopezek "garai politiko berrirako" elkarlana eskaini dio EAJri, baina Ibarretxek dio haren gobernua "frontista" izango dela. EAEko Estatutua "legearen barruan biziberritzeko" borondatea agertu du Lopezek, eta "poztu" egin da "indarkeria babesten dutenak" ez daudelako Eusko Legebiltzarrean. "Euskara sustatzeko diru laguntzak ez ditut jaistsiko". EAJko hautagaiak esan du gizartearen gehiengoa abertzalea dela, parlamentua ez bezala.
MAUDILI PRIETO/AGENTZIAK.GASTEIZ
Bi albiste garrantzitsu gertatu dira gaur arratsaldean Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean: Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia izendatu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari -beti EAJko kidea izan da bertako buru- eta Juan Jose Ibarretxek politika utzi duela jakinarazi du. Egun historikoa, inondik inora. Emaitza jakin bezain laster Ibarretxe lehendakari berriarengana joan da, zorionak ematera.Lopezek gehiengo osoa lortu du, lehen bozketan: PSEren (25 parlamentari), PPren (13) eta UPDren (1) 39 boto. EAJk Ibarretxe aurkeztu du lehendakarigai eta 35 boto lortu ditu honek: EAJko 30, Aralarreko 4 eta EAko 1. EB abstenitu egin da. Ezker abertzalea ez dago Eusko Legebiltzarrean, Espainiako Justiziak baliogabe utzi zuelako martxoaren 1eko hauteskundeetarako -bozetan 100.000 boto lortu zituen-. Ibarretxek 19:05ean jakinarazi du politika utzi duela, bozketa egin aurretik eta alderdikideei eta gobernukideei eskerrak eman ondoren. "Nire bizitzan aro berri bat hasiko dudala esan nahi dizuet. Hemen hasi nintzen politikari bezala eta hemen bukatu dut. Agur". Hala esan du, Eusko Legebiltzarrean, jakinda ez dutela berriro hautatuko Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Hura izan da kargu horretan 1999tik. Aurretik parlamentari, kontseilari eta lehendakariorde izan zen. Laudioko (Araba) alkate ere izan zen eta Arabako Foru Aldundian ere izan zuen kargurik. PPren babesa izan arren, Lopezek bere hitzaldian azpimarratu du EAJren elkarlana ere nahi duela legealdi honetan. "Izan ere, nire gobernua ez da frontista izango". Bide batez, EAJri "arduraz" jokatzeko eskatu dio.Ibarretxek, ordea, "frontista" izatea egotzi dio Lopezek eratu nahi duen gobernuari, eta legebiltzarreko gehiengoak ez diola erantzuten gizartearen gehiengo soziologikoari, "honek abertzalea izaten segitzen baitu", EAJko lehendakarigaiaren ustez. Bere alderdiak "itxaropena lideratzen" segituko duela hitz eman du.9:30ean hasi da inbestidura saioa, Gasteizen, eta goizean Lopezek eta Ibarretxek hitz egin dute, orden horretan. Aurrenak ordubete eta hogei minutuko hitzaldia egin du; euskaraz ia-ia batere ez da aritu. Ibarretxe 11:00etan hasi da eta antzera iraun du haren hitzaldiak; gehiago egin du euskaraz. 15:30ean ekin diote berriro inbestidura saioari, taldeen hitzaldiak izan dira eta haien saioa 18:25ean bukatu da. Gero Lopezen eta Ibarretxeren txanda izan da berriro, eta 19:10etatik aurrera 19:50era taldeak aritu dira. 20:07etan hasi dute bozketa, ahoz, eta 20:15ean bukatu dute. Arantza Quiroga (PP) Legebiltzarreko presidenteak jakinarazi du ofizialki emaitza orduan.

LEHENDAKARI BERRIA:PATXI LOPEZEN HITZALDIA

EAEko Estatutua
- "Gernikako Estatutuak egonkortasun handia eman digu. Eta nik, lehendakari bezala, egingo dudan lehen gauza, hura defenditzea izango da.
- Estatutuak segitzen du gure bilgune izaten. Elkarbizitzako esparrua da.
- Ez dut nahi egitasmo zatikatzailerik, ez dut nahi abenturarik.
- Jasotzeko falta diren eskumenez hitz egingo dut Espainiako Gobernuarekin, eta Estatutua indartzeko Legebiltzarreko taldeekin mintzatuko naiz.
- Estatutua biziberritzen saiatuko naiz, legearen barruan. Ez dut frustraziorik salduko".
Bakea
- "Pozten naiz indarkeria babesten dutenak ez daudelako Eusko Legebiltzarrean. Euskal gizartea islatzen du parlamentu honek.
- Ideia denak defendi daitezke hemen, joko arauak segituz gero, indarkeria babestu gabe.
- Demokratok bat eginda egon behar dugu terrorismoaren aurka.
- ETA behin ere baino ahulago dago, eta haren aurka segituko dugu, ahal den gehien egiten.
- Indarkeriari zilegitasuna kentzen ere saiatuko gara, batik bat hezkuntzan eta hedabideetan.
- Bakea irabazi egin behar da, baina prezio politikorik ordaindu gabe.
- ETAk eragindako biktimak beti izango ditugu gogoan".

Krisi ekonomikoa
- "Krisia globala da, aurrekaririk gabea. Baina Jaurlaritzak gauzak egin ditzake, eta egingo ditugu.
- Lehendabizi, diagnostikoa egingo dugu. Barne eskaera ez erortzeko neurriak hartuko ditugu, enplegua sortzeko politika aktiboak sustatuko ditugu, zerbitzu publikoak ahaztu gabe.
- Denon elkarlana beharko da, eta gizarte eragileekin elkarrizketa iraunkorra izango dut. Laster deituko dut mahai soziala. Herria egin behar dugu,
- Maiatzaren 21eko greba deialdia berriro aztertzeko eskatzen diet sindikatuei. Elkarrizketa agortu beharra dago, eta ez dago oraindik agortuta.
- Ez dut eskubide sozialik murriztuko. Gizarte ituna zabaldu egingo dut.
- Enplegu eskumena izateko, Espainiako Gobernuarekin hitz egingo dut".
Hizkuntza
- "Euskadin bi hizkuntza daude: euskara eta gaztelera. Ez dut inor baztertu nahi. Euskara ikasi nahi dutenek laguntza izango dute, besteen askatasuna bermatuta.
- Euskara sustatzeko diru laguntzak ez ditut jaistsiko.
- Adostasun zabala lortu nahi dut; batik bat, EITBn, plurala eta kalitatekoa izateko".
Kultura
- "Euskararen Aholku Kontseiluaren funtzioak zabalduko ditugu.
- Kultura Ekintza Plana egitea agintzen dut.
- Euskal Kulturaren Kongresua antolatuko dugu (bi hizkuntzen ordezkariak bilduko dituena)".
Besterik
- "Hezkuntzan, euskal curriculuma dela-eta onartutakoa bertan behera utziko dugu.
- Genero indarkeriaren kontrako zuzendaritza sortuko du Herrizaingo Sailean. Emakumeen diskriminazioa bukatu beharra dugu".
- Ingurumenean, aldaketa klimatikoaren aurkako politikak bultzatuko ditugu, legea sortuta, udalekin elkarlanean arituz.
- Etxebizitza, eskubidea da. Babes ofizialeko 40.000 egiteko konpromisoa dugu, alokairuko 16.000, eta etxeak berritzeko ere bai".

LEHENDAKARI OHIA: JUAN JOSE IBARRETXEREN HITZALDIA
Egoeraren irakurketa
- "Gaurko inbestidura saioa ez da Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko bakarrik. Gobernu proiektuari buruzkoa ere bada, eta PSE-EEk ez du gobernu programarik, Lopezek bere hitzaldian ez duelako erakutsi. PSEk eta PPk 38 boto dituzte hausteko [lehendakaria hautatzeko], baina gaurtik aurrera PSEk 25 boto baino ez ditu eraikitzeko.
- Lopezen gobernua ez da ziurra, ez du bermerik, ez du konfiantzarik ematen, ez da egonkorra.
- Euskal gizarteak hauteskundeetan EAJri eman zion babesik handiena. PSEri baino 80.000 boto gehiago, eta guk segituko dugu itxaropena lideratzen, foru aldundietatik eta udaletatik.
- Gizarte honen gehiengo soziologikoak abertzalea izaten segitzen du, nahiz eta legebiltzar hau ez den hala. Baina jakina da parlamentu hau legeen bidez moztutakoa da.
- PSEren gobernua ez da zeharkakoa izango, frontista baizik. PSEk eta PPk estatu akordioa egin dute, Espainiako interesak segituta eta euskal gizarteari bizkar emanda".
EAJren programa
- "Nahiz eta ez dugun lehendakaritza lortuko, ez dugu gure proiektua baztertuko. Gure egitasmoa aurrera begirakoa da, azken batean jendea hobeto bizitzeko, eta bost ardatz ditu:
- 1. Enplegua defenditzea. Legealdi honen bukaeran langabezia %5 azpitik egoteko. Berrikuntzan sakondu behar da besteak beste, Euskadiren bigarren eraldaketarako. Turismoa %20 handitu nahi dugu.
- 2. Pertsonentzat gobernatzea. Giza garapen iraunkorra nahi dugu, politika humanista garatzea. Osasun arloan, Europako erreferente izan nahi dugu. Etxebizitzan, jendearen beharrizanez erantzun, alokairu etxeetan apustua eginda, etxeak berrituta... Familia laguntzeko plan berria proposatuko dugu. Genero berdintasuna sustatuko dugu, munduan Euskadi bost aurrenetan izateko.
- 3. Nortasun kulturala indartzea. Mundura irekita egon behar dugu, eta euskara, hezkuntza eta kultura dira ardatzak. Euskara da gure hizkuntza. Oraindik hizkuntza gutxitua da eta normalizazio politikak behar ditu. Hau da erronka nagusia: ezagutzatik erabilerara pasatzea. Hezkuntzan, Euskal Hezkuntza Legea onartu nahi ditu eta Kulturan Euskal Plan Integrala.
- 4. Autogobernua eta erabaki eskubidea. 30 urtean bete gabe dago EAEko Estatutua, PSOE eta PPgatik. 36 eskumen falta dira. Horiek izatea nahi dugu. Baita erabaki eskubidea ere. Azken batean, Espainiako Estatuarekin harreman eredu berria behar da, hemen oinarrituta: erabaki eskubidea, erabateko autogobernua, herri honen aitortza lortu eta euskal lurraldeen borondatea errespetatu, harreman bitarikoa eta betorik gabekoa, eta Euskadiren presentzia Europan eta munduan.
- 5. Bakea. Indarkeriari elkarrizketa bidez eman behar zaio bukaera, baldin eta ETAk desagertzeko borondatea agertzen badu. Bakearen bila huts egin dezakegu baina ez etsi. Indarkeriari zilegitasuna kendu behar zaio, biktimei elkartasuna adierazi, eskubide zibil eta politikoak defenditu, Egiaren Batzordea sortu (frankismoko eta trantsizioko urraketak ikertzeko)".
TALDEEN HITZALDIAK
EAJ (Joseba Egibar)
- "Gizarteak babesa Ibarretxeri eman zion, EAJri, baina PSEk oraindik ez du aitortu Ibarretxek irabazi zuenik.
- Lopez hona [lehendakaritzara] ekarri duena [Espainiako] Alderdien Legea eta PPren 13 botoak izan dira. Iragarritako alternatiba perfekzionatu egin duzue.
- Hemen ez dago, ordea, gizarte osoa ordezkatuta. Bestela pentsatzen duena oinarrizko arazoa dauka. Milaka herritarren ordezkaritza falta da eta milaka herritar horiek ez daude ETAren esanetara.
- PSEk pikatutara bidali du zeharkakotasunaren eta aniztasunaren diskurtsoa.
- Legebiltzar honek erabakitzen duena da Espainiako Estatuaren arazoa.
- Lopez jauna, [EAEko] Estatutua berritu nahi baduzu, errespeta ezazu parlamentu honek esan zuena.
- EAJk oposizioa arduraz egingo dugu. Eta ez dugu onartuko herri honi itxaropena kentzea".
PSE-EE (Jose Antonio Pastor)
- "Bukatu da frontismoa, bukatu dira lubakiak. Hemen legeak egiteko gaude, Estatutua oinarri hartuta. Hortik kanpo ezin da ezer egin.
- Ibarretxe ez da agintari ona izan. Herria berea soilik balitz bezala aritu da.
- Aro berria hasiko dugu, lasaia, tragediarik gabe. Lau urte ditugu aurretik, elkarrizketa erabilita akordio aberatsak izateko.
- EAJ oposizioan izango da, eta hortik ere egin daiteke politika. Lasaitasuna eskatzen diot.
- Ibarretxe gutxiengoan egon da azkeneko legealdian ere, eta lege garrantzitsuenak eta aurrekontuak guri esker atera izan ditu".
PP (Antonio Basagoiti)
- "Aldaketaren alde bozkatuko dugu, eta horregatik Lopez babestuko dugu.
- ETAren aurka eta askatasunaren eta bakearen alde borrokatuko dugu. Ibarretxeren gobernua oso urrun egon da helburu horietatik.
- Ibarretxeren gobernua kezkatuagoa egon da sua pizteagatik, itzaltzeagatik baino. Euskadiren zentzua lotsagarri utzi du eta hori ez da Euskadik behar duena.
- Euskarak herritarrak batzeko balio behar du, ez banatzeko.
- Euskadiren berezko ezaugarriak dira pluraltasuna eta aniztasuna. Eratu den Legebiltzarra horren erakusle da.
- Demokraziaren aurkakoak diren ideiak izan ezik, beste guztiak onartu behar dira".

Aralar (Aintzane Ezenarro)
- "Legebiltzar honetan ez gaude denak ordezkatuta. Gehiengoaren nahia bortxatuz fronte espainola osatu duzue.
- PSEk eratuko duen gobernua frontista izango da, baztertzailea eta espainolista. Zuen diskurtsoan atzera egin duzue, estatu arrazoiengatik.
- Gu elkarrizketa zaleak gara, eta elkarrizketaren bidez egingo da herri hau.
- Bakea lortzeko sufrimendu denen aitortza bera behar da eta elkarrizketa. Lopezek, ordea, ez digu esan zein den bere ibilbide orria, eta aurkez dezala eskatzen diogu. Ibarretxek gaur bai, gaur burujabetzaren aldeko diskurtso garbia egin du.
- Erabaki eskubidea dugu euskal herritarrok, eta adostu egin behar da XXI. mendean nola gauzatu nahi dugu eskubide hori. Gobernu aldaketa egongo da, baina bidea ez da eten; ez dugu guk esaten, gizartearen gehiengoak baizik.
- Herri honek kostatuta egindako bidearen aurkako aldaketa egin nahi dute PSEk eta PPk.
- Euskara inposatua dagoela esaten duzue. Hemen inposatzen den hizkuntza bakarra gaztelera da. Nola bermatuko dituzue euskaldunon eskubideak? Ez duzue esan, eta aurrean izango gaituzue.
- Ez dugu bat egiten PSEren eta EAJren eredu sozioekonomikoarekin, bestelako gizarte eredua nahi dugu. Politika sozial aurrerakoia nahi dugu, aldaketa estrukturala, eta horregatik beharrezkoa da borroka sindikala. Hilaren 21eko greba deialdia babestuko dugu horregatik.
- Krisiari ezkerretik egin behar zaio aurre, baina Lopezen bezalako lidergorik ez da behar.
- Ezkerrekoak gara eta abertzaleak. Ezker abertzale politikoaren alternatiba eraginkorra eratu nahi dugu, eta lortuko dugu".
EA (Jesus Mari Larrazabal)
- "Ibarretxeri emango diot nire botoa, eta baldintzarik gabekoa izango da EAren boto hori.
- Legezkoa izango balitz boto negatiboa emango nioke Lopezi.
- ETAren aurkako borroka ez da errepresio polizialen bitartez lortuko. Ez dugu porrotera bideratuta dagoen Ajuria Eneako hitzarmenean parte hartuko.
- PPren eta PSE-EEren politika anormalizazio politika da.
- Euskara da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako berezko hizkuntza; hau da, hizkuntza ofiziala. Lopezek ez du unibertsitateko ikasketak euskaraz egitearen inguruko adierazpenik egin; bai, ordea, ingelesez egitearen inguruan".
EB (Mikel Arana)
- Krisi gogorra dugu eta PSE-PP akordioarekin gizarte arloan atzera egingo dugun kezka daukagu. Oso dezepzionatuta gaude itun horrekin. Lopez jauna, PPk ez dizu doako botorik emango.
- SEk EBrekin aritu nahi badu, hauek dira neurriak: 1. Politika fiskal berria. Gehien duenak gehien ordaindu. 2. Hezkuntza Lege berria, sare publikoa indartuz. 3. Etxebizitza Legea martxan jarri. 4. EITBko administrazio kontseiluan kide independentez osatu. 5. Heriotza duina legeztatu. 6. Bakea lortzeko elkarrizketa mahaia sortu, bazterkeriarik gabe.
- Ez gara Lopezen alde azalduko, abstenitu egingo gara.
- Ibarretxeren kasuan ere abstenitu egingo gara. Eztabaida identitarioa bazterrean utzi behar da, gizarteko benetako arazoei eusteko".
UPD (Gorka Maneiro)
- Gurasoek beren seme-alabek zein hizkuntzatan ikasi nahi duten aukeratzeko eskubidea defendatuko dugu. Kontuan hartu behar da Euskadiko herritarren %70aren ama hizkuntza gaztelania dela.
- Alternatiba lortzen saiatu behar du Lopezek eta aldizkatzearekin soilik ez konformatu.
- ETAren aurka egiteko alderdi demokratiko guztien artean elkarrizketa politikoa bultzatuko dugu.
- Indarkeria erabiltzen eta babesten dutenekin ez dugu hitz egingo. Biktimen duintasuna babestuko dugu guztiaren gainetik.
- Ibarretxek gizartea zatitu du. Ez dugu zure alde bozkatuko gaur. Lopez babestuko dugu, aldaketa gauzatzeko.
- Komunikabide independenteak, elebidunak eta herritar guztien zerbitzura daudenak defendatuko ditugu.
- Euskara bermatu behar da, baina inposaketarik gabe.
- Krisiaren aurkako hitzarmen soziala defendatuko dugu.
APUNTEAK
500 gonbidatu inguru izan dira ekitaldian
Ikusmin handia sortu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari aldaketak, eta horren lekuko dira gaurko inbestidura ekitaldia bertatik bertara jarraitu duten 500 gonbidatuak. Instituzioetako ordezkariez gain -batzar nagusietakoak eta foru aldundietakoak- epaileak, unibertsitateko eragileak, alderdi politikoetako arduradunak eta beste hainbat batu dira gonbidatuen eserlekuetan. Espainiako politikagintzako ordezkariak ere etorri dira Gasteizera; hala-nola PSOEko Antolakuntza idazkari Leire Pajin, eta Espainiako Senatuko Javier Rojo zein PPko lehendakari Mariano Raxoi.Pertsona ezagunez gain, legebiltzarkideen beraien gonbidatuak ere izan dira. 200 kazetari batu zaizkie ohikoei.
Aznar: "Major Orejak piztu zuen konstituzionalismoaren suzia, abertzaleei aurre eginda"
"Abertzaleak demokratikoki boteretik kentzeko suzia Jaime Mayor Orejak piztu zuen bere garaian [Eusko Legebiltzarrerako 2001eko hauteskundeetan], Nicolas Redondo Terrerosekin batera. Haiek piztu zuten Euskal Herrian konstituzionalismoaren suzia, abertzaleei aurre eginda. Ordaindu ezin den lana egin zuen Major Orejak".
Nafarroako reakzioak
UPN:"Demokrazian sinesten dugunontzat egun garrantzitsua da gaurkoa. [Espainiako] Konstituzioaren alde dauden indarren artean borondatea izan dute akordioa lortzeko. ETAri aurre egitean eta biktimei elkartasuna adieraztean bat egiten dugu Patxi Lopezekin".
PSN:"Patxi Lopezekin Euskadiren eta Nafarroaren arteko harremanak hobetu egingo dira, eta horrek herritarren ongizaterako balioko du. Bi erkidegook elkarren arteko errespetua izan behar dugu. Jaurlaritzako aldaketa historikoa da, eta normaltasun demokratikoz gauzatuko da".

0 comentarios